“Robin y Marian” filmaren estreinaldiaren 50. Urteurrena (1976)

1976ko martxoaren 11n Richard Lesterrek zuzendu eta Sean Connery eta Audrey Hepburn protagonistak dituen “Robin y Marian” filmaren mundu mailako estreinaldia izan zen. Filma, El Cid, Rey de Reyes, Camelot edo Espartaco bezalako genero historiko eta abenturazko beste batzuen ildotik, Espainian filmatu zen, zehazki Villalonso (Zamora) herrian eta, batez ere, Nafarroan, non Artaxoako Zerkoa, Urbasako Mendilerroa, Lizasoko Orgi Basoa, Kintoa, Eugiko Magnesitas Navarras, S. A. enpresako harrobiak eta Iruñeko Nafarroako Errege-erreginen Jauregi zaharra, egun Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren (AGN) egoitza dena, okasiorako agertoki zinematografiko bihurtu ziren. Horregatik, filma estreinatu zenetik 50 urte bete direnean, AGNk gertakari hura gogoraraztera bideratuko du maiatzeko mikroerakusketa.

“Robin y Marian” abentura eta drama erromantikoko zinematografiko-generoetan kokatzen da, non Robin Hood-ek bizitza osoa Lurralde Santuan borrokatu ondoren, bere azken egunetan Ingalaterrara itzuli eta komentu bateko abadesa bihurtutako Lady Marianekin berriz elkartzeari buruzko istorioa kontatzen den bertan. Protagonista nagusien paperetan Sean Connery, James Bond agente mitikoaren pertsonaia antzeztu ondoren bere ibilbidearen gailurrean zegoena, eta Oscar saria irabazi zuen Audrey Hepburn, zinemara itzuli zena zortzi urtez kameretatik urrun egon ondoren, aurkitzen ziren. Hori dela eta, izar-sail zinematografiko horren presentziak ikusmin handia piztu zuen 1975eko maiatza eta abuztua bitartean Nafarroan filmatutako pelikulan.

Aldez aurretik, probintziako eta tokiko agintariek erraztasunak jarri zituzten, beharrezko baimenak emanez. Hala, 1975eko maiatzaren 9ko akordioaren bidez, Nafarroako Foru Aldundi Probintzialak baimena eman zion Columbia Pictures empresari Artaxoako Zerkoa eta probintziako beste zenbait monumentu historiko-artistiko erabiltzeko, Robin Hood-en inguruko “Erdi Aroko giro historikoa” duen film bat filmatzeko helburuarekin. Gainera, Vicente Galbete Vianako Printzea Erakundeko zuzendariari aipatutako ekoiztetxearen filmean aholkulari artistiko gisa laguntzeko mandatua eman zitzaion. Era berean, hainbat toki-erakundek ere jardun zuten, hala nola Ameskoako Limitaciones Mendiko Batzarrak, zeinak bere basoetako zenbait parajetan eszena batzuk grabatzeko baimena eman baitzuen.

Artaxoa izan zen, ordea, “Robin y Marian” filmaren grabaketarekin lotura handiena izan zuen nafar herria. Hala, maiatzaren 24an, XIII. mendeko Nottingham hiri ingelesa birsortzeko Zerkoan egiten ari ziren prestakuntzen berri eman zuen prentsak. Horretarako, harresiaren zati batzuk eskaiolekin simulatzeaz aparte, San Saturnino eliza inguratzen zuten etxeen teilatuak ere lastoz estali ziren, Erdi Aroko itxura izan zezaten. Egun batzuk geroago, Artaxoan estrak hautatzeko prozesu bat ere egin zen, filmean figurante gisa parte har zezaten, zeinetara 500 pertsona inguru bertaratu baitziren. Abuztuan Iruñearen txanda izan zen. Zehazki, Arga hirian aukeratutako agertokia Nafarroako Errege-erreginen Jauregi zaharra izan zen, garai hartan iruindarrek Kapitaintza Jauregi gisa ezagutzen zutena, lehenik, XIX. eta XX. mendeetan Kapitaintza Nagusiaren egoitza izan zelako, eta, ondoren, Nafarroako Gobernu Militarrarena. Hala, 1975eko abuztuaren 6an, Diario de Navarra egunkariak jakinarazi zuen dantza-afari bat filmatu zutela eraikineko kriptan, “kapera gotiko” gisa aipatzen zena, non Chalés-eko gaztelua (Akitaniako dukerria) birsortu baitzen. Robin Hood eta Ricardo Corazón de León errege ingelesaren (filmean Richard Harrisek antzeztua) arteko desadostasuna gertatzen den eszenaren filmaketak, baita azken horren heriotza ere —gezi-zauri baten infekzioaren ondorioz—, kripta egokitu eta garbitzearen beharra eskatzen zuen, urteetan txanpiñoien laborantzarako erabili ondoren estaltzen zuen simaur-geruza kenduz.

Filmaketaren garaian filmarentzat pentsatutako izenburua “La Muerte de Robin Hood” bazen ere, publizitate-arrazoiak zirela medio, azkenean Robin and Marian izenburua hobetsi zen, zeinarekin 1976an estreinatu baitzen Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta beste zenbait herrialdetan. Espainian, estreinaldia hurrengo urtean egin zen, “La Gran Aventura de Robin y Marian” izenburupean. 1977ko irailean Artaxoan egin zen “première” nazionala, herri horretako zaindariaren jaiak zirela aprobetxatuz, eta, azkenik, Iruñera iritsi zen 1978ko martxoaren 23an, non Gayarre Antzokian proiektatu baitzen. Hala ere, SAIDE zinema-banaketa enpresako langileek deitutako grebaren ondorioz, filma astebetez bakarrik egon zen karteldegian.

Iruñeko plazako Gobernu Militarraren solairuarteko oinplanoaren eta oinplano nagusiaren planoa. Iruñea, 1909ko maiatzaren 5a.

Iruñeko plazako Gobernu Militarraren solairuarteko oinplanoaren eta oinplano nagusiaren planoa.
Iruñea, 1909ko maiatzaren 5a.

AGN, CARTOGRAFÍA, N.416

“Columbia Pictures” ekoiztetxeari Artaxoako Zerkoa eta ondare historiko-artistikoa osatzen duten beste hainbat monumentu erabiltzeko baimena ematen dion Diputazioaren akordioa, non Vianako Printzea Erakundeko zuzendariari aholkulari artistiko gisa laguntzeko mandatua ematen zaion.
Iruñea, 1975eko maiatzaren 9a.

AGN, DFN, L.733

Barruan kartoi-harrizko egiturak dituen Artaxoako Zerkoaren ikuspegia, pelikula filmatu bitartean.

Barruan kartoi-harrizko egiturak dituen Artaxoako Zerkoaren ikuspegia, pelikula filmatu bitartean.[1975]

AGN, DFN, FOT_Publicaciones 0032-000

Filmerako estrak aukeratzeari buruzko prentsa-albistea. Iruñea, 1975eko ekainaren 19a.

Filmerako estrak aukeratzeari buruzko prentsa-albistea.
Iruñea, 1975eko ekainaren 19a.

AGN, HEMEROTECA, DIARIO_DE_NAVARRA_N316, pag. 14

Filmerako estrak aukeratzeari buruzko prentsa-albistea. Iruñea, 1975eko ekainaren 19a.

Filmerako estrak aukeratzeari buruzko prentsa-albistea.
Iruñea, 1975eko ekainaren 19a.

AGN, HEMEROTECA, DIARIO_DE_NAVARRA_N316, pag. 28

“Robin y Marian” filma Nafarroan filmatu zeneko lehendabiziko albistea. Iruñea, 1975eko maiatzaren 24a.

“Robin y Marian” filma Nafarroan filmatu zeneko lehendabiziko albistea.
Iruñea, 1975eko maiatzaren 24a.

AGN, HEMEROTECA, DIARIO_DE_NAVARRA_N315, pag. 14

Urbasako Mendilerroan filmatutako filmaren zenbait eszenen berri ematen duen prentsa-albistea. Iruñea, 1975eko uztailaren 17a

Urbasako Mendilerroan filmatutako filmaren zenbait eszenen berri ematen duen prentsa-albistea.
Iruñea, 1975eko uztailaren 17a

AGN, HEMEROTECA, DIARIO_DE_NAVARRA_N317, pag. 16

Noticia de prensa sobre el rodaje de escenas en el Palacio de Capitanía de Pamplona. Pamplona, 6 de agosto de 1975

Iruñeko Kapitaintza Jauregian filmatutako eszenei buruzko prentsa-albistea.
Iruñea, 1975eko abuztuaren 6a

AGN, HEMEROTECA, DIARIO_DE_NAVARRA_N318, pag.20

Filmaren estreinaldiari buruzko iragarkia. Iruñea, 1978ko martxoaren 23a.

Filmaren estreinaldiari buruzko iragarkia.
Iruñea, 1978ko martxoaren 23a.

AGN, HEMEROTECA, DIARIO_DE_NAVARRA_N349, pag. 11

Anuncio sobre el estreno de la película. Pamplona, 23 de marzo de 1978