Lizarra-Tutera Auziaren Ebazpenaren 50. urteurrena (1976)
Nafarroako Foru Aldundi Probintzialeko bi diputatu hautatzea dagokien merindadeen esleipenaren inguruan Tuteraren eta Lizarraren artean sortutako auziaren ebazpenak 50 urte bete dituenean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak efemeride horrekin lotuta gordetzen dituen hainbat dokumentu erakutsiko ditu urriko bere mikroerakusketan.
1970ean, hamar urtean behin egiten zen biztanleria-erroldak agerian utzi zuen Tuterako merindadeak (75.850 biztanle) Lizarrakoa (65.420) gainditu zuela. Gertaera hori, jakin-min demografiko hutsa baino harago, gatazka berezi baten sorburu izan zen; hau da, Tuterako merindadeko udalerriek, Erriberako hiriburuko alkatea buru zutela, Nafarroako Foru Aldundi Probintziala osatzen zuten 7 diputatuetatik 2 aukeratzeko eskubidea zegokiela aldarrikatu zuten, eta ez, 1839az geroztik gertatu zen bezala, Lizarrako merindadeari. Eztabaida horren ebazpena ez zen 1976ra arte iritsi, eta haren ondorioek eragina izango zuten Trantsizioan abian jarritako foru erakundeen erreforma eta demokratizazio prozesuan, 1982an Foruaren Hobekuntza onartzearekin amaituko zena.
1841eko abuztuaren 16ko Legeak, Lege Itundua izenez ezagutzen denak, nafar Diputazioak 7 diputatuk osatzea xedatu zuen: 5 merindadeetako bakoitzetik bana aukeratuz, Lizarrako eta Iruñeko merindadeek izan ezik, horiek 2 aukeratzen baitzituzten, biztanle gehiago zituztelako. Hori dela eta, 1972an, 1970eko erroldak Tuterako merindadeak Lizarrakoa biztanleriari dagokionez gainditu zuela erakutsi ondoren, Rafael Añón Baigorri Tuterako alkatea Diputaziora zuzendu zen, gogoraraziz 1966an, 1965eko errolda bosturtekoa egin ondoren, foru-korporazioari gertakari horren berri eman ziola, eta 1974ko hurrengo hauteskundeetan bere merindadeari bi diputatu esleitzeko eskatu zuen. Diputazioak, betiere Lege Itunduak Nafarroari aitortutako foru-erregimenean edozein aldaketa egitearekiko mesfidati, eta bere merindadeak diputatu bat galtzearen aurrean Lizarrako merindadearen balizko oposizioari aurre egin beharra saihestu nahian, erreklamazioari erantzuna ematea atzeratzea erabaki zuen. Hala ere, Tuterako lehen zinegotziak ez zuen amore eman, eta 1973an, udal-osoko bilkuraren babesarekin, eskaera berretsi zuen, urte bereko irailaren 6an, Tuterako merindadeko beste 22 alkateekin batera, beste eskaera bat aurkeztuz.
Auziak gero eta oihartzun publiko handiagoa hartzen zuenez, eta Lizarrako Udalak eta bere merindadeko beste udal batzuek diputatuen banaketa merindadeen arabera aldatzearen aurka zeudela adierazi eta gero, Diputazioak ezin izan zuen luzaroago bere jardun-eza zuritu, eta txosten juridiko eta historikoak eskatu zituen auzia ebazteko. Hala ere, bildutako irizpenetan iritzi desberdinak zeudela argudiatuz, foru-korporazioak Gobernuari proposatu zion 1974ko probintzia-hauteskundeetarako Lizarrari bi diputatu mantentzea eta auziari buruzko azken erabakia 1977ko hurrengo hauteskundeetara atzeratzea. Horrek giroa are gehiago nahasi zuen Erriberan, eta Tuterako Udalak epaitegietara jotzea erabaki zuen. Diputazioak, 1974ko maiatzaren 3an, ohar ofizial gogor baten bidez erantzun zion ekintza horri. Ohar horretan, udalaren jokabidea kontraforutzat jo zuen, eta alkatea eta hainbat zinegotzi beren-beregi salatu zituen. Horrela, Lizarra-Tutera auzia Diputazioaren eta Erriberako udalaren arteko gatazka instituzional garratz eta aurrekaririk gabeko bilakatu zen. Gatazka horrek prentsa nazionalaren orrialdeetara ere egin zuen salto, eta Añónek, Diputazioaren oharrari modu ofizial eta publikoan erantzuteko udalaren osoko bilkuraren gehiengoaren babesa jaso ez zuenez, protesta gisa alkatetzari uko egitea erabaki zuen 1974ko ekainaren 4an.
Tentsio giro batean, Udalak auzi judizialari uko egitea onartu zuen, Diputazioak auzia lehenbailehen konpontzeko hartutako konpromiso informal baten truke. Hala ere, epeak berriz ere luzatu ziren, eta, horren ondorioz, Tuteran irain-sentimendua areagotu zen; harik eta, azkenean, 1976an, Tuterako erreklamazioaren inguruko eztabaida Diputazioaren demokratizazioarenarekin lotzen hasi zenean, Espainian zabaldutako erreforma politikoaren haizearen eraginez, bai eta Iruñerriko makrozefaliaren eta Nafarroako lurralde-desorekaren inguruko kezkarekin ere. Orduan, Diputazioak, 3 botoren bidez —Asiáin, Iturralde eta Marco— 1en aurka —Fortún— (beste 3 diputatuek —Arza, Irazoqui eta Visus— botoa ez ematea eta bilkura uztea erabaki zuten), uztailaren 21ean Gobernuarekin Lege Itundua Tuterako tesien alde interpretatzea adostea erabaki zuen; erabaki hori 1976ko urriaren 13an Gobernazioko ministroarekin egindako bileran gauzatu zen, zeinaren akta Diputazioak urriaren 21ean eta Gobernuak urriaren 29an onartu baitzuten.
Horrela, 1979an (1977ko hauteskundeak atzeratu ondoren) Diputaziorako sufragio unibertsaleko hauteskundeak deitu zirenean, Tuterako merindadeak bi diputatu hautatzea erabaki zen. Hauteskundeak egin ondoren, Ángel Lasunción Goñi (UCD) eta Jesús Malón Nicolao (PSOE) izan ziren hautatuak. Biek, horrela, Foruaren Hobekuntza negoziatzearen bidez Nafarroa foru-komunitate gisa instituzionalizatzea gauzatu zuen korporazioan parte hartu zuten. Korporazio horretan, gainera, Tuterako merindadeak lortutako pisu politiko handiagoa zenbait gaitan nabaritu zen, hala nola etorkizuneko Reina Sofía Ospitalearen eraikuntzan. Ospitalea 1976tik aurreikusita bazegoen ere, 1979an hautatutako diputazioarekin hartu zuen behin betiko bultzada.
Nafarroako Foru Aldundi Probintzialaren osoko bilkuraren erabakiaren kopia-ziurtatua; zeinaren bidez, Tuterako alkate Rafael Añón Baigorriren eskaera ezesten baita, probintziako hauteskundeak biztanleriaren hamar urteko erroldaren arabera eta ez bost urteko erroldaren arabera deitu izanagatik.
Tutera, 1967ko martxoaren 4a
AGN, DFN,Caj.2373
Rafael Añón Baigorri Tuterako alkateak Nafarroako Foru Aldundi Probintzialari bidalitako ofizioa, zeinetan 1966ko bere aurreko ofizioa gogorarazi eta 1970eko biztanleriaren erroldako datuen arabera Tuterari hurrengo probintzia-hauteskundeetan bi foru-diputatu esleitzeko eskatzen baitio.
Tutera, 1972ko maiatzaren 10a
AGN, DFN,Caj.2373
Rodolfo Martín Villa Gobernazio ministroaren eta Nafarroako Foru Aldundi Probintzialeko mandatarien arteko bileraren akta, non adostu baitzuten Lege Itundua interpretatzea, biztanle gehien dituzten merindadeei bi probintzia-diputatu aukeratzea dagokien zentzuan.
Madril, 1976ko urriaren 13a
AGN, DFN,Caj.2373



















