Nabarreriako Gerraren 750. urteurrena (1276)
1276ko udan, Henrike I.a Xanpainakoa hil eta bi urtera, Nafarroako erresuma gerra zibilean murgildu zen; zeinen gatazka nagusiak Iruñeko hiriburuan izan baitziren. Han hil ala biziko borrokan aritu ziren bi burgu frankoak –San Zernin eta San Nikolas– eta beste bi udal erakundeak: Nabarreria hiria eta San Migeleko burgu erantsia. Nabarreriako Gerra (1276) hasi zela 750 urte betetzen direnean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak efemeride horrekin zerikusia duten zenbait dokumentu erakutsiko ditu iraileko bere mikroerakusketan.
Bi urte lehenago erregea hil zenean, koroa Joana alabaren esku geratu zen, adin txikiko neskatoa baitzen, Blanca de Artois erregina alargunaren tutoretzapean. Filipe III.a Ausarta, Frantziako erregea, haren lehengusua zen, eta haren babesa eskatu zuen, ez bakarrik inguruko monarkien –Gaztela eta Aragoi– asmoei aurre egiteko, baizik eta erresumak hartu behar zuen norabide politikoagatik zatituta eta elkarren aurka zeuden nafar nobleziaren jarrerari aurre egiteko ere.
Ama erregina oinordekoarekin Frantziara joan zen, erresumaren gobernua Cascanteko jauna zen Pedro Sánchez de Monteagudo ricohombreari eman ondoren. Gaztelako inbasioaz gain, García Almoravid buru zuen beste nobleen alderdiaren oposizioari ere aurre egin behar izan zion gobernadoreak. Cascanteko jaunak laster eman zuen dimisioa, eta Frantziako erregeak Eustache de Beaumarchais jarri zuen haren ordez, ordura arte Toulouseko seneskala izandakoa. Gobernadore berria iritsi bezain laster, 1275. urtearen amaieran, noble gehienen etsaitasunarekin egin zuen topo, nobleziak ez baitzuen begi onez ikusten erregina gaztea Filipe, Frantziako erregearen bigarren semearekin, ezkontzeko proiektua. Gatazka politiko horri Iruñea garai hartan osatzen zuten lau udal-erakundeen arteko gizarte-lehia ere gehitu zitzaion; udal-erakunde horiek, gainera, beren harresiz inguratutako esparruek bereizten zituzten eta gerrarako makinez sendo hornituta zeuden.
Nabarreriaren –Iruñeko apezpikuak lagunduta– zein noble handien etsaitasunak gobernadorea San Zernin burguan babestera eraman zuten; zeinak urte batzuk lehenago, beste burgu frankoarekin, San Nikolas delakoarekin, koalizioa osatu baitzuen. Uda osoan zehar luzatuko zen 1276ko ekainaren hasieran piztutako gerra irekia. Guilhem Anelier izeneko Toulouseko soldadu-trobadore batek, gobernadorearekin batera iritsia zenak, poema luze bat idatzi zuen, eta hari esker gerraren gorabeheren berri zehatza dugu. Haren arabera, gerrak hainbat fase izan zituen eta bi tregua-aldi izan ziren. Hasieran, bi bandoek euren harresietatik katapultaz bonbardatu zituzten elkar, baina laster hiriaren errebaletan –Takonera, Arrotxapea eta egungo Gazteluko Plaza– zelaian aurrez aurre, gorputzez gorputz, borrokan hasi ziren, eta geroago haien defentsak erasotzen ere saiatu ziren.
San Zernin eta San Nikolas burgu frankoek Frantziako erregeari laguntza eskatu zioten, zeinak armada handi bat bidali baitzuen Humbert de Beaujeu kondestablearen agindupean. Pirinioak zeharkatu ondoren, irailaren amaieran, Nabarreriari setioa ezarri zioten. Eraso bortitza gertatu aurreko gauean, nobleek eta buruzagi errebeldeek hiria bere kasa utzi zuten, heriotzak eta hiriaren suntsiketa eta erreketa eraginda. Sugarren ondorioz, Nabarreria erabat suntsituta geratu zen, eta katedrala, haren altxorrak eta dependentziak, erregeen hilobiak barne, arpilatu zituzten. Horrela, errauts bihurturik, Nabarreria hutsik geratuko zen mende erdiz. Nafarroatik alde egin baino lehen, Frantziako armadak erresuma osoan zehar erbesteratuen atzetik jardun zuen, baita matxinatuen esku zeuden hiri eta gazteluak menderatzen ere. Traidoreak exekutatu, arrastaka eraman edo espetxeratu zituzten; ihes egindako ricoshombres izenekoak eta noble handiak –García Almoravid, Íñigo Almoravid, Juan de Vidaurre, Gonzalo Ibáñez de Baztán, Pedro Jiménez de Zabalza, Jimeno Pérez de Opaco, Jimeno de Oárriz, García Pérez de Lizoain, Pedro de Berasáin edo García de Arregui– proskribatuak edo auzipetuak deklaratu zituzten, eta haien ondasunak konfiskatu zizkieten, Pedro Sánchez de Monteagudori izan ezik, García Almoraviden aginduz Nabarrerian eraila izan baitzen matxinoengandik aldendu eta gobernadorearekin bat egin nahi izan zuenean.
Nabarrerian garaitutako nobleen buruzagiei (Gonzalo Ibáñez de Baztán, haren seme Juan González de Baztán, García Almoravid, Juan de Vidaurre eta beste batzuei), erreginaren etsaiei, gazteluan sartzea debekatzen dien Gobernadorearen ordezkarien eta Eloko gazteluko alkaidearen arteko akordioa.
Elo, 1276ko abenduaren 22a
AGN, Comptos. Cajón 3, núm. 127
Transkripzio eguneratua:
“Item por hacer justicia de Guilhem Anelier y de Jaime de Burgos, por razón de que falsearon la moneda, 18 sueldos 9 dineros
Item al escribano que escribió los bienes que fueron hallados y embargados en la casa donde morava don Guillhem Anelier, los cuales tiene don Ramón de Salt en encomienda, 2 sueldos.”















