Oibarko Guduaren 575. urteurrena (1451)

1451ko urriaren 23an, larunbatean, kronikariek diotenez, Nafarroa mende erdi baino gehiagoz odolustuko zuen gerra zibilaren lehen gudu handia –eta, beharbada, bakarra– gertatu zen. Oibar hiribilduaren inguruetan, Joan II.a erregearen armadak haren seme eta oinordekoarena, Vianako printze Karlosena, garaitzea lortzen zuen, bere aitaren preso geratu zena haren babesle nagusiarekin, hau da, Luis de Beaumont kondestablearekin batera. Horregatik, borroka hartatik 575 urte betetzen direnean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) gertaera hura oroitaraztera bideratuko du azaroko mikroerakusketa.

Aita-semearen arteko tirabirak hamar urte lehenago hasi ziren, Blanka I.a erregina hil zenean. Haren testamentuaren arabera, Karlos errege koroatu behar zuten, baina bere aitak –ordura arte errege ezkontidea– ez zion uko egin nahi izan Nafarroako Koroari. Printzeak egoera hura onartu zuen, eta, aitaren ordezkari gisa, erresuma gobernatu zuen aita kanpoan izan zen aldietan; izan ere, Gaztelako gerra batean murgilduta zebilen hura. Baina bien arteko harremana jasanezina bihurtu zen 1447an, erregea berriro ezkondu zenean. Nafarroari uko egin beharrean eta Gaztelako gerran garaitua izan eta gero, Joan II.a bi urte geroago itzuli zen, txirotutako gaztelar noble eta zerbitzari ugari berekin zekartzala. Gobernuaren gidaritza hartzen hasi zen, legezko oinordekoa baztertuz. Nafarroako noblezia bi alderditan polarizatu zen: agaramontarrek aitaren alde egin zuten; beaumontarrek, aldiz, semearen alde.

Haustura 1450eko ekainean gauzatu zen, Vianako printzeak eta haren babesle nagusi Luis de Beaumont boteretsuak Gipuzkoara ihes egin zutenean, beren oinaztar aliatuen babespean. Haiek ihes egin ondoren, hainbat herri eta gotorleku altxatu ziren, besteak beste, Donibane Garazi. Bitartekaritza luzearen ondoren, aita-semea akordio batera iritsi ziren eta printzea itzuli egin zen, 1451ko martxoaren 29an Tafallan bere aitaren menpean jarriz.

Laster, Joan II.ak Vianako printzeak Gaztelarekin sinatutako bakea berresteari uko egiteak beaumontarren beste altxamendu bat eragin zuen. Irailaren amaieran, erresumako iparralde osoa, Iruñea hiriburua eta Erriberriko hiribildu-gortea buru zirela, printzearen alde altxatu zen. Horrela, erresuma bi obedientziatan banatuta geratu zen.

Alesón kronikariaren arabera, erregeak setioa ezarri zien Oibarko hiribilduari eta gazteluari. Printzea eta beaumontarrak setiatuen alde joan ziren. Urriaren 23an, bi gudarosteak aurrez aurre zeudela, senideen eta elizgizonen bitartekaritzari esker, aita-semeak konkordia bat sinatu zuten. Baina erregeak beaumontarrei amnistia emateari eta Gaztelarekin bakea berresteari uko egiteak gudua piztu zuen egun horretan bertan.

Alesónek deskribatzen du nola talka egin zuten aurrez aurre zaldun korazatu eta arinez osatuak zeuden bi abangoardiek. Hasieran, printzearen abangoardiak, ugariagoa baitzen, erregearenari ihes eginarazi zion. Joan II.aren zalditeriak, eskarmentu handiagoa zuenez, berriro eraso egin eta printzearen tropak garaitu zituen. Zenbait bertsioren arabera, printzea bere anaiorde Alonso Aragoikoaren aurrean errenditu zen. Beste bertsio batzuen arabera, ordea, Oibarrera erretiratu ondoren errenditu zen, han eutsi ezinik geratu baitzen, gizon eta hornigai faltagatik.

Hala ere, beaumontarrek ez zituzten euren kontrolpean zituzten herriak eta gazteluak entregatu. Bi belaunalditako nafarrak aurrez aurre jarriko zituen gerra bat hasten zen, eta haren ondorioak Aragoira ere zabalduko ziren. Izan ere, zazpi urte geroago, Joan II.a Aragoiko errege ere koroatu zen, eta printzea erresuma horretako oinordeko ere bihurtu zen.

Vianako printzearen itzulera negoziatzeko Segurara (Gipuzkoa) bidalitako enbaxadoreei, Ochoa de Gascue fraide frantziskotarrari eta Ochoa de Ochagavía fraile agustindarrari egindako ordainketa-agindua.

Tafalla, 1451ko apirilaren 12a

AGN, CO_DOCS., Caj. 190, n. 50, V

Nafarroako errege Joan II.ak Agoitz inguruko haranetara komisarioak bidaltzeko eta Donibane Garazi setiatzen ari ziren tropak zaldiz eta hornigaiez hornitzeko emandako agindua.

Lizarra, 1450eko abenduaren 12a

AGN, CO_DOCS., Caj. 156, 41, III

Lerindik Tafallara egindako bidaiaren gastuak jasotzen dituen Vianako printzearen ostatuaren eguneroko kontu-liburuko idazpena.

Tafalla, 1451ko martxoaren 28a

AGN, CO_REG. 484, fol. 49

San Martin Unxetik Iruñera, Barasoaindik igaroz eta Leringo kondea lagun izanda, zeinen lurretan babestu baitzen, egindako bidaiaren gastuak jasotzen dituen Vianako printzearen ostatuaren eguneroko kontu-liburuko idazpena.

Iruñea, 1451ko abuztuaren 31

AGN, CO_REG. 484, fol. 199 v

Zangozako merindadeko errege-gazteluetako goarnizioei «errege jaunaren esaneko» egindako ordainketa; beaumontarrek Leguin, Irulegi eta Rocaforteko gazteluak konkistatu zituztela eta Luzaideko dorrea erre zutela jasoz.

1451

AGN, CO_REG. 483, fols. 58 v-59 r

Relación de lugares, villas y valles que no han abonado la pecha anual al rey por estar “a la obediencia del Príncipe” entre los que figuran la villa de Aibar y la mayoría de los valles, frente a Sangüesa y los valles de Aézcoa y Roncal que permanecen en manos del rey.

«Printzearen esaneko» egoteagatik erregeari urteko petxa ordaindu ez dioten leku, hiribildu eta haranen zerrenda. Horien artean daude Oibarko hiribildua eta haran gehienak; Zangozak eta Aezkoako eta Erronkariko haranek, berriz, erregearen esku jarraitzen dute.

1451

AGN, CO_REG. 483, fol. 56

Vianako printzearen alderdia babestu izanagatik, Nafarroako errege Joan II.ak, Oibarko guduaren bezperan, Juan de Monreal diruzainaren ondasun guztiak konfiskatzeko agindua eman zuen, ondasun horiek guztiak Español de Oregueri, Elo gazteluko gazteluzainari, emanez.

Tafalla, 1451ko urriaren 20a

AGN, CO_DOCS., Caj. 156, n. 36, VI

Nafarroako errege Joan II.ak 300 erronkariar errekrutatzeko agindua ematen du, eta Iruñean nahiz beste herri eta haran batzuetan izandako altxamendua kontatzen du, baita bere semearen aurka landako guduan lortutako garaipena ere. Hala ere, berak eta Vianako printzeak agindu arren, matxinoek gerran jarraituko dute.

Tutera, 1451ko azaroaren 30a

AGN, CO_DOCS., Caj. 156, n. 39, IX

“Sitio y Batalla de Aybar en que queda prisionero el Príncipe de Viana Dn. Carlos”.

Annales del Reyno de Navarra, Francisco de Alesón, IV. liburukia, 387. or.

Iruñea, 1766

AGN, BIBLIOTECA, FBA/10

Francisco de Alesónen Oibarko guduaren kontakizuna.

Annales del Reyno de Navarra, IV. liburukia, 501-502. or.

Iruñea, 1766

AGN, BIBLIOTECA, FBA/14