Santa María del Villarreko markesa
(Diego Quiroga y Losada)
Diego Quiroga y Losada (Madril, 1880 – Donostia, 1976), Santa María del Villar markes gisa ezaguna, XX. mendeko espainiar argazkigintzako pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa izan zen. Gaztaroan sortutako zaletasun hura bizitza osoko grina eta ogibide bihurtu zen azkenean.
1899an Madrilgo Real Sociedad Fotografica elkartearen sortzaileetako bat izanda, bere garaiko joera artistikoen eraginpean garatu zituen bere lehendabiziko lanak. Alfontso XIII.a erregearen lagun pertsonala izanik, irudiaren bidez Espainiako turismoaren sustapenari egindako ekarpen goiztiarragatik ere nabarmendu zen, herrialdeko lurralde ugaritako paisaiak, monumentuak eta bizimoduak erretratatuz.
Espainiako Gerra Zibila bitartean gatazkaren ondorioak dokumentatu zituen, eta, ondoren, Suntsitutako Eskualdeen Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako berreraikitze-lanak. Bere argazki-artxiboaren zati handi bat galdu zuen arren, jarduera profesional bizia garatzen jarraitu zuen. Ordutik aurrera, bere lanak izaera dokumental eta etnografiko nabarmenagoa hartu zuen, eguneroko bizitza, kultura-ondarea eta herri tradizioak ardatz hartuta. Espainiako zati handi bat zeharkatu zuen hainbat erakunde publikorekin elkarlanean eta bere garaiko gizartearen ikusizko lekukotasun baliotsua utziz.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordetako funtsak egileak egindako 14.000 argazki eta negatibo baino gehiago biltzen ditu. Bere irudiek Espainiako paisaia-, kultura- eta giza-aniztasunaren kronika bisual paregabea osatzen dute, Nafarroari arreta berezia emanez. Bildumak landa-bizitzako eszenak, monumentuak, paisaiak eta jarduera tradizionalak biltzen ditu, baita dokumentazio pertsonala, argitalpenak eta prentsa-ebakinak ere, haren ibilbidea eta ondarea hobeto ezagutzea ahalbidetzen dutenak.
















